Amurrioko Zaraobe Institutuak ingurumenarekiko konpromisoa eta berrikuntza pedagogikoa uztartu ditu ikasturte honetan ere. DBHko 2. mailako ikasleak energia berriztagarriak eta efizientzia energetikoa lantzen ari dira proiektu interdisziplinar indartsu baten bidez, teoria ikasgelatik atera eta zuzenean praktikara eramanez.
Zientzia eta asmakuntza, eskutik helduta
Proiektu honen aberastasuna arlo ezberdinen arteko elkarlanean datza. Izan ere, zientzia eta teknologia arloko hainbat ikasgaik parte hartzen dute zuzenean: Mate, Fisika eta Kimika, IKT eta Asmakuntza.
Fisika eta Kimika ikasgaian, adibidez, energia berriztagarriei esker elektrizitatea modu garbian lor daitekeela ikasi dute ikasleek. Teorian ikasitako horri guztiari forma emateko, erronka praktiko bat jarri diote beren buruari: energia solar fotovoltaikoan oinarritutako maketa bat eraikitzea. Modu honetan, elementu natural bat —eguzkia— elektrizitatea sortzeko gai dela begiekin ikusi eta kontzeptuak askoz hobeto ulertzea lortu dute, asmakuntzaren eta teknologiaren laguntzaz.
“Eguzki-energia energia-iturri guztien artean ugariena da, eta erabilgarri dago zerua lainotuta dagoenean ere. Teknologia fotovoltaikoak eguzki-argia elektrizitate bihurtzen du, eta maketei esker prozesu hori bertatik bertara ulertu dugu”, azaldu dute ikasleek.

Teoriatik errealitatera: 80 plaka fotovoltaiko lanean
Proiektua ez da ikasgelako hormen artean geratzen; institutuak berak eredu izan nahi du. Orain dela urte batzuk, Zaraobek energiaberriztagarrien aldeko apustu irmoa egin zuen 80 plaka fotovoltaikoren instalazioarekin.
Inbertsio honi esker, zentro jasangarriago bat lortzeko bidean eta helburu jasangarriak betetzeko bidean pauso handia eman da. Eguzki-panelek, energia aurrezteaz gain, argi indarraren faktura nabarmen merketzea lortu dute, hilabete batzuetan aurrezpen itzela lortzeraino. Horrekin batera, zentroaren kontsumoaren murrizketan laguntzen dute egunero.
Adituen bisita eta kontzientzia ekologikoa
Urtero bezala, proiektuaren barruan, arlo zientifikoko ikasleek Zuia Ingeniaritzako adituen hitzaldia jaso dute. Saio honetan, energia berriztagarrien atala sakonago landu dute eta gure inguruko instalazioen funtzionamendua gertutik ezagutu dute.








Ekimen honen helburu nagusia ez da soilik akademikoa. Zaraobe Institutuak ikasleen artean kontzientzia ekologikoa zabaltzea eta efizientzia energetikoaren inguruan kontzientziatzea bilatzen du. Gure ikasleak etorkizuneko herritar arduratsuak izateko bidean, aldaketaren motorra dira dagoeneko.
#zuiaingenieria #energiasolar #energiasrenovables @zuiaingenieria





