Beste ikasturte batzuetan egin den bezala, aurten ere gure hainbat irakaslek atzerrian egonaldi oso interesgarriak egin dute. Egonaldi hauen helburua beste ikastetxe eta herrialde batzuetan martxan jarritako proiektuen berri izatea da. Etengabeko aldaketetan murgildurik dagoen gizarteari erantzuna emateko beharrezkoa baita etenik ez duen esperientzien trukaketa eta berrikuntza ildoak arakatzea.
Horren adibidea da Arreta eta Gizarteratze zikloetako hiru irakaslek, joan den azaroan, Finlandian egin zuten egonaldia. KEUDA ikastetxean egon ziren hango ikuspegi metodologikoa ezagutzeko eta bi ikastetxeen arteko harremana estutzeko asmoz.
Abenduan ere, Mekatronikako zortzi ikasle eta bi irakasle NextGenerationEU programak finantzatuta Vienara egin zuten baiaia. IES Zaraobe BHIk irakasgai batzuk ingelesez ikasteko aukera ematen die ikasleei, eta programa honek baliabideak eskaintzen ditu ikasleen zein irakasleen ingeles maila hobetzeko eta eskolaz kanpoko jardueretan parte hartzeko.
Bidaia honen helburua ikasleei ikasitakoa praktikatzeko aukera ematea eta beste ikastetxe batzuk zein tokiko erakundeak bisitatzea izan zen. Hala, HTL Moedling Austriako 14 eta 19 urte bitarteko ikasleentzako lanbide-heziketako ikastetxerik handiena bisitatu zuten.
Bidaia eta egonaldi interesgarri hauen inguruko informazio gehiago nahi izatekotan, jo esteka honetara.