Azkenengo urteetan erakunde ugarik ekimen desberdinak mantxan jarri dituzte adinekoen zahartze aktiboaren beharrean arreta jarriz. Ekimen hauen artean aurkitzen da Munduko Osasun Erakundeak abian jarritako “Age-friendly Environments Programme” iniziatiba, non gure adinekoek zahartze aktibo eta autonomo bat izateko ezinbesteko hiru alderdi zehazten diren: hiri diseinu lagunkoi bat, segurtasuna bermatzearen garrantzia eta etxeko ingurunearen egokitzapena. Adinekoekin lagunkoia den ingurune batek bere zerbitzuak eta egiturak berrantolatzen ditu, banakoen ahalmen eta behar ezberdinetara egoki daitezen, eta, hala, haien partaidetza sustatzen du.
Zaraobetik argi ikusten dugu gure adinekoen zahartze aktiboak dakarren parte-hartzea ezinbestekoa dela gure kale eta auzoak hobetzeko, beraz Tknikarekin batera “Mendekotasuna duten pertsonentzat etxebizitza adimendunaren diseinua eta espazio lagunkoia” deritzon proiektuan murgildu gara. Proiektu honetan espazio lagunkoiak garatzea izango dugu helburu, etxebizitza adimendun, automatizatu eta robotizatu baten oinarrituta, baina segurtasuna eta jasangarritasuna alde batera utzi gabe.
Proiektu honekin berrikuntza teknologiko, digital eta soziosanitarioak bultzatuko ditugu, inguruko enpresa eta etorkizuneko profesionalentzat aukera berriak sortuz. Bestalde, digitalizazioa eraldaketarako eta etengabeko hobekuntzarako palanka gisa erabiltzea bultzatu nahi da, Lanbide Heziketa ekonomiaren funtsezko bultzatzaile bilakatuz bizi-kalitate hobeago baten bila.